XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zaldibar ikastetxea dagoeneko martxan

Lanbide Hastapeneko 75 ikaslek atzo hasi zuten ikasturte berria.

Mankomunitateak heziketa ez arauturako agentzia sortu nahi du.

Aurrerantzean heziketa ez arautuko ikasketak kokatuko diren Zaldibar Ikastetxean atzo hasi ziren Lanbide Hastapeneko ikasleak klaseak jasotzen.

Aurten aukera bi eskeini zaizkie 16-17 urte bitarteko, eta eskolan jarraitu ez duten ikasleei.

Ikastetxe honetan kokatuko dira Lanbide Heziketa eta Formazio okupazionala ere.

Ikasketa guzti hauek bideratu eta finkatzeko asmoz Udal Elkarteak agentzia berri bat eratzeko proposamena luzatu die Deba Garaiko zortzi Udalei.

Atzo hasi ziren Zaldibar Ikastetxean heziketa ez arautuaren barnean dauden Lanbide Hastapeneko klaseak.

Urriaren 22ra bitarte luzatuko den ikasturte honetan 75 ikaslek parte hartuko dute eskeintzen ziren bi aukeretako batean.

Egitarau honek eskolan jarraitu nahi ez edo utzi duten gazteei lanbide ezberdinetan aritzeko eta prestatzeko aukera eskeintzen die.

Heziketa osoa da eta gazteei, beren autoestima indartuz, gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko prestakuntza ematen zaie.

Helburu nagusiak ikasleak makinaria eta material ezberdinen erabileran trebatzea, norbere gaitasunak garatu ahal izateko oinarrizko prestakuntza ematea eta giza harremanak hobetzen laguntzea dira.

Lanbide Hastapeneko ikasleek 16-17 urte dituzte eta atzo hasi zen ikasturtearen barruan bi alor ezberdinetako ikasketak izan dituzte aukeran.

Lehenengo aukeran mekanika, elektrizitatea eta haroztegiko gaiak landu eta ikasiko dituzte, bigarren aukera hartu dutenak berriz sukaldaritza, ofimatika eta artisaugintza alorren inguruko gaietan trebatuko dira.

Ikastaroak Deba Garaiko Mankomunitateak antolatuak dira, horretarako Gasteizko Gobernuaren Hezkuntza Saileko laguntza jaso dutelarik.

Ordutegiari dagokionez ikasleak goizeko 8.30etatik ordu 2.30etara izango dira klasean.

Mankomunitateak agentzia berria

Heziketa ez arautuko ikasketak bideratzen lagunduko duen agentzia berri bat martxan jartzeko asmoa du Deba Garaiko Udal elkarteak.

Proposamen hau dagoeneko aurkeztua dute Deba Garaiko Udaletxeetan, Eskoriatza eta Aretxabaletako Udalek proposamena aztertu ondoren erabakia hartzea beranduagorako utzi dute eta Arrasatekoa ere proposamena aztertzen ari da.

Agentzia honen betebehar nagusiak bi lirateke, batetik orain arte antolatu diren ekintza guztiak estrukturatu eta gorpuztea eta bestetik proiektu eta ekintza berriak garatzea.

Beraz agentzia berriak Lanbide Hastapena, Lanbide Heziketa eta Formazio Okupazionaleko ikasketak finkatzeko balioko luke, arduradunen nahia Zaldibar Ikastetxeari iraunkortasun bat ematea delarik.

Horretarako Deba Garaiko zortzi Udalen oneritziaren zai dago ideia hau.

Agentzia berria sortzeko beharko litzaken diru kopuruaren zati bat Udaletatik aterako litzateke eta gainerakoa era honetako ikastaroak bultzatzen dituen Inem eta istituzioetatik etorriko litzateke.

Udal Elkargoko arduradunen ustez, momentuan Udaletan dauden Enplegu Zerbitzuen ordezko lanak egiteko balioko luke agentziak.

Agentzia sortzearekin Zaldibar Ikastetxeari iraunkortasuna eman nahi zaio.